Eremu dibertsifikatua


Andrew Gangoitiren altzairuzko kableen lehen piezen artean kokatzea, hein batean, hirurogeietako hamarkadako Earthworks haietara joatea da. Land Art-eko artistek jasotako espiritua, beren lanak inguru naturalean bete-betean txertatzetik igarotzen dena, berebat gogorarazten da eskultura hauetan, paisaiaren eta izadi basatiaren agertokiaren ordez beste bat jartzen duten arren, gizatiarragoa eta hertsatuagoa, hau da, arkitekturarena. Zehatzago, egileak esku hartzen duen erakusketaespazioetako arkitekturarena. Forma geometrikoak marrazten dituzten linea mehen bitartez -Fred Sandback-ek egin zuen modu berean-, aurrean jartzen zaion baina menderatzen ez duen espazio hutsa inbaditzen du. alegia, begirune sakoneko giro batean egiten ditu bere interbentzioak, arkitektura-espazioarekin eta arkitekturaespazioarentzat, zentzu berezi batez hornituz, zeinarekin haren berrirakurketa bat, berregituratze bat planteatzen baitu. Hala, hutsunea eta gainerako elementu espazialak, beste testuinguru batean sumatu gabe gera zitezkeenak, presentzia eta monumentaltasun handiagoz janzten dira.

Horrez gainera, nolakotasun formalista ere badu obra honek arkitekturarekin duen harremanak. andrewk eraikinenik seguruenen eraikuntza balitz bezala jasotzen ditu bere eskulturak. Haren zirriborroak marrazki teknikoak dira, neurriz, akotazioz eta eskalez betetako egiazko eraikuntza-planoak; eta haren lan-metodologiak, metodikoa eta guztiz zehatza izanik, arkitekto baten jardunbidea gogorarazten du. Bere lanak sendotasuna darie alde guztietatik eraikin batez bezala.

Inguruarekiko sinbiosia eta mimesia. Horrelaxe itzultzen da artista honen obretan eskulturak eta arkitekturak duten harremana. Biak dira desegiten zaila den multzo baten (elkar) osatzearen protagonista. Ez dakigu non hasten den bat eta non bukatzen den bestea, lausotu egiten dira bien arteko mugak. Horregatik, “eskultura” hitza ez da behar bezain zehatza hibrido artistiko hauentzat. agian Rosalind Kraussek bere Eremu Hedatua-rentzat erabiltzen duen terminologia erabil genezake, eta “arkitekturaren” eta “ez-arkitekturaren” arteko lekua betetzen duen “egitura axiomatikoa” geureganatu.


Alabaina, andrew gangoitiren landa harantzago hedatzen da, mugei uko eginez. Bilakatzen jarraitzen du. Eta bere azken proiektuarekin jarraitzen du bilakatzen -Elementu akustikoak eskultura-lanetan-, soinua erantsiz bere eskulturetan parte hartzen duten hirugarren elementu gisa. Orain, haren kableek, soinua igortzen duten sentsoreez eta gailu elektronikoz horniturik, berriz kokatzen dira espazioan, korrituak izatera gonbidatzen duten forma berriak marraztuz (espiral bat, korridore bat, f-hole bat). Sentsoreek alarma melodikoen modura jokatzen dute, beren ibilbidean laguntzen dieten elementu arrotzen berri emanez. Ikuslearen  irudiaz ari gara, hura baita Gangoitiren eskulturagintza egituratzen duen ardatz nagusia, hura gabe multzoaren osotasunak ez bailuke funtzionatuko. Ikusleak, irudi beregain gisa, bere ezaugarri bereziekin, obrak korritzen ditu eta soinu bakarrak eta beste inork ezin errepikatu dituenak eragiten ditu; eta sentsorerik ez dagoenean, soinua eskuz eragiten zaien musika-hari batzuetatik dator. Estrategia horrek obraren jarrerak ugaltzen ditu, eta ezinezkoa egiten du denotazio bakarra. Jacques Derridak, inolako zalantzarik gabe, bere deseraikuntzaren teoriarekin lotuko lituzke pieza hauek. Eta ez legoke arrazoi faltan. Obra irekia da, interpretazio asko hartzen dituena, ikusleak adina. Obra hauek sorrarazten dituzten irakurketa posibleak mugagabeak izango dira beti, ezingo baita sekula esan irakurketa edo interpretazio batek ematen duela zentzu egokia.

Itzul gaitetzen eremu hedatu horretara, Andrew Gangoitirenera. eskultura, arkitektura, soinua, ikusleak, teknika eta teknologia multzo ezin bereizizko eta harmoniko baten parte diren eraikuntza hauetan, José Luis Break Ornamento y utopía-n laurogei eta laurogeita hamarretako eskulturarentzat planteatzen zuen kartografia bera ere ez da aski. Haren ideiak, eremu “hedatuago” batenak, “Kraussena baina zabalduagoa oraindik, (...) era horretan haren lekualdaketez kontzientzia hartuko litzateke-eta, ez bakarrik aldaketa formalei dagokienez, baizik eta, orobat eta oroz gain, lekualdaketa formal horien erabilera eta zentzu publikoari dagokienez”, orain, zabalera handiagoa eskatzen du, heredaturiko kategoriak erabat gainditu dituzten instalazio batzuentzat. Hizkera berriak, hizkera esploratu gabeak, bilatzen dituen eremu esperimentalbat da andrewren eremua; polisemia onartzen duen eta gero eta gehiago hedatzen den eredu alternatibo bat. Hura egiaz da, bai, eremu dibertsifikatua.


Oihana Cabrera